« Back
Euskarazko ikastereduak gora Hego eta Ipar Euskal Herrian
2008-06-17 ¦ Ilazki
Datorren ikasturtean Euskal Herrian eskolaratuko diren 3 urteko haur gehienak euskarazko ereduetan murgilduko dira. Hego Euskal Herrian, 2008-2009 ikasturteko aurrematrikulazio epearen datuen arabera, ikasleen % 81,12 ariko dira euskaradun ereduetan. Ipar Euskal Herrian, berriz, eredu elebidunentzako aurrikuspenak lehen aldiz gailendu du % 30a.
Euskara tartean duten ikastereduen hautuak azken urteetan izandako gorakadaren ildoari eutsi dio, beraz, ikasturte berrirako ere. Dena dela, alde handiak daude lurraldez lurralde eta administrazioz administrazio.
www.erabili.com
EAE
Euskaradun ereduak nagusi dira Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan, baina batetik besterako ezberdintasunekin. Euskara hutsezkoa den D eredua da Bizkaian eta, batik bat, Gipuzkoan nagusitzen dena. Azken lurralde honetan 2008-2009 ikasturterako izena eman duten ikasletatik % 85,78 D ereduan murgilduko dira. Bizkaian ere guraso gehienek hautatu dute D eredua (% 67,86k).
Gipuzkoan, D ereduaren gorakada bat dator B eredu elebidunaren beherakadarekin (% 12,10, datorren ikasturtean); euskara ikasgai gisa soilik daukan A eredua, berriz, bazterreko aukera moduan ageri da (% 2,11). Bizkaian ere gero eta murritzagoa da A ereduan izena ematen dutenen kopurua (% 5,47 2008-2009rako); B ereduak, berriz, Gipuzkoan baino presentzia handiagoa du eta, iaztik zertxo bat jeitsi arren, oro har mantendu egiten dela esan daiteke (% 26,65).
Araba da EAEren barruan B eredua nagusitzen den lurralde bakarra, D eredua atzetik gertu duela: 2008-2009 ikasturterako ikasleen % 49,29k ikasiko dute B ereduan eta % 48,21ek D ereduan. Hemen ere, A ereduaren kopurua oso murritza da (% 2,49).
Nafarroa
Nafarroan euskaradun ereduetan aurrematrikulatu dutenen kopurua iazko aurrematrikulazio kanpainakoaren beretsua izan da. 6.144 ikasletik 1.830 (% 29,97) dira euskarazko ereduan izena eman dutenak, azken ikasturtean baino 26 gutxiago, beraz. Nafarroa da, era berean, Hego Euskal Herriko lurraldeetan 2007-2008 ikasturtearekiko ikasle gutxiago izango dituen bakarra: 132 aurrematrikula gutxiago egin dira, guztira.
A eta G eredu erdaldunak dira nagusi berriro Nafarroaan, baina beheranzko joerarekin. Bien artean aurrematrikula guztien % 60,38 batzen dituzte, 2007-2008 ikasturtean baino % 10 gutxiago. British eredua deritzonak ere behera egin du, ikasturte honetako 314 ikasletik 241era jeitsiz.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herrian ere, poliki-poliki, gorako bidean ageri da seme-alaben hezkuntzarako euskararen aldeko hautua egiten dutenen kopurua. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eginiko aurrikuspenak aintzat hartuta, kopuru horrek % 1,8 egingo du gora 2008-2009 ikasturtean eta, lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian euskara barne duten ikasteredu elebidunetan izena emandakoak ikasleen % 30eko muga gaindituko dute; % 31 izango dira, hain zuzen.

