« Back
Menuak eta kartak automatikoki euskaraz
2008-06-12 ¦ Ilazki
Menuak eta kartak euskaratzeko itzultzaile automatikoa sortu eta interneten eskuragarri jarri du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.
www.erabili.com
Egitasmo berria
Menu bihurgailua taberna, jatetxe zein edozein etxetako menuak eta kartak gaztelaniatik automatikoki euskaratzeko tresna informatikoa da. Tresna hau Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatarientzat sortu zuen merkatari.net atarian dago, eta ostalari eta sukaldariek gehien erabiltzen dituzten plater eta menu izenak euskaratzeko gai da. Egitasmo berria da, ez baitzegoen orain arte menuak eta plater izenak gaztelaniatik euskarara ekartzeko internet bidezko tresnarik.
Bihurgailua herenegun (2008-6-10) aurkeztu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Ainhoa Beola, Hizkuntza Normalkuntza zinegotziak bertan adierazi zuenez, "menu bihurgailua baliabide eraginkorra izan daiteke euskararen presentzia handitzeko Donostiako ostalarien eta tabernarien menuen eskaintzetan zein taberna eta jatetxeetako hizkuntza paisaian. Horrez gain, gastronomiari loturiko zenbait hitzen erabilera normalizatzeko lagungarria izango da". 1.057 termino eta hauen eratorriak
Dijitalidadea S.L enpresak sortu duen menu bihurgailuak hainbat iturri erabiltzen ditu corpusa osatzeko: merkatari.net atarian dagoen Euskara Platerean saileko hiztegia eta menuen bilduma, Leioako Ostalaritza Eskolako gastronomiavasca.net eta sukaldean.com webguneetako fondoak... Guztira, 1.057 termino eta horien eratorriak biltzen ditu. Termino edo sarrera horiek multzo funtzionaletan banatuta daude, hau da, esaldia osatzeko osagaiek duten portaera berezitua aintzat hartuta banatu dira:
- Osagai nagusiak: txuleta, karramarroa Hitz anitzeko terminoak: baratxuri berdea, zizka-mizkak aukeran Adjektiboak: ketua, krematsua, etxekoa Aditzak: gozatua, irin-arrautzeztatua Jakien zatiak: saiheskia, hanka, muina Prestaera moduak: entsalada, ogitartekoa Gehigarriak: olioa, bainilla, maionesa
Euskaldunentzako tresna
Menu bihurgailua edonork erabili dezakeen arren, euskaraz jakin edota ulertzen duten ostalari eta tabernariei zuzenduta dago bereziki. Euskara ezagutzen ez dutenek erabiliz gero, komeni da tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea. Menu bihurgailuak menu eta jaki ugari gaztelaniatik euskarara itzultzen duen arren, tresna mugatua da, zailtasuna areagotzen den heinean erantzuna jasotzeko aukera txikiagoa da.
Iñaki Illarramendi Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkarteko lehendakariordeak aurkezpenean esan zuenez,"hain tresna azkarra eta erabilerraza gure eguneroko lana egiteko oso lagungarria da, gure kartak eta menuak automatikoki euskaratzeko aukera izango dugu eta. Horrek gure lan eremuan erabateko eraginkortasuna du eta ongi etorria da". Merkatari.net, ostalari eta merkatarien zerbitzura
Lehen aipatu bezala, menu bihurgailua merkatari.net atariaren barruan dago, Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatariek euskararen gainean dituzten informazio beharrak ase eta ahalik eta zerbitzu osatuena eskaintzeko sorturiko webgunean. Artikulu honetan daukazue bertan eskaintzen denaren gaineko informazioa.
(MIKEL ETXEBESTE MENDARTE Donostiako Euskararen Udal Patronatuko normalizatzailea da)

