« Back

Euskara Munduan egitasmoaren aro berriak jauzi kualitatiboa eman nahi du irakasleen trebakuntzan

2008-04-01  ¦  Ilazki

Euskara Munduan egitasmoak aro berriari ekin dio. 2008-2011 eperako aro berri horretan Argentina, Txile, Brasil, Peru eta Kolonbiako 28 irakaslegai trebatuko dira egitasmo horren barruan. Taldeak irakas-molde bera segituko du: internet bidezko eskolak, Euskal Herritik tutorizatuak, eta bi barnetegi urtean.

Argentinako euskarazko irakaslegai talde batek, 23 lagunez osatua, bere trebaldia amaitu du Lazkaoko Maizpide barnetegian, gisa honetan Euskara Munduan 2004-2007 egitasmoari amaiera emanez. Nahiz eta gehienak Argentinara itzuli -euskarazko 2. maila lortu berri euskara eskolak ematen jarraituko dute euskal etxeetan- horietako zortzi Euskal Herrian ekainera arte geratuko dira EGA maila erdiesteko, euskara eta euskal kultura klaseak Argentinako zenbait unibertsitatetan irakatsi ahal izateko.

Orain, Diasporako irakasleak trebatzea helburu duen Euskara Munduan egitasmoak aro berri bati heldu dio. Miren Azkarate Kultura sailburuak Bilbon egindako Euskal Giza-taldeen Munduko Biltzarrean aurkeztu bezala, 2008-2011 aro berri honetan irakasleen trebaldiak jauzi kualitatibo bat eman du, beste herrialdeetara zabaldu baita.

Erronka berria

Hala, dagoeneko bere trebakuntza hasia duen irakaslegai talde honetan 28 lagun daude: 10 Argentinakoak, 10 Uruguaykoak, 2 Brasilgoak, 4 Txilekoak, 1 Kolonbiakoa eta 1 Perukoa. Taldeak irakas-molde bera segituko du: internet bidezko eskolak, Euskal Herritik tutorizatuak, eta bi barnetegi urtean.

Irakaslegaiak herrialde ezberdinetakoak izatea "erronka berri bat da guretzat nahiz eta azken lau urteotako esperientziak ere segurtasuna ematen digun halako proiektu batean murgiltzeko", dio José Francisco Zinkunegi Euskara Munduan egitasmoko koordinatzaileak.

Jaurlaritza eta Euskal Etxeak lankidetzan

Eusko Jaurlaritzak, HABEren bidez, aipatu egitasmoa koordinatzen du Euskal Etxeekin lankidetza zuzenean. Hauen ahaleginak, eta, bereziki, FEVA, FIVU eta NABOrenak, Argentinan, Uruguayen eta Estatu Batuetan hurrenez hurren, egia bihurtu dute lehen biziki zaila zena: euskalduna bilakatzea, Euskal Herritik milaka kilometrotara bada ere.

Euskara Munduan egitasmoaren xede nagusietakoa euskal etxeei irakasleak erraztea da, euskara klaseak eman ditzaten, beti ere euskal etxe bakoitzaren errealitatera egokituta, alegia, tokian tokiko eskariaren arabera.

Euskal Etxeak material didaktikoekin hornituz

HABEk, bestalde, euskarazko eskolak emateko aholkularitza didaktikoa eta materialak eskaintzen dizkie Euskal Etxeei. Eskola presentzialetan euskara lantzeko material didaktiko orokorrak, mintza-saioak dinamizatzeko gidak, ariketak, irakurgaiak, entzungaiak eta abar jartzen ditu irakasleen eskura.

Azken urteotan, bestalde, BOGA autoikaskuntzako baliabidea instalatzen ari da HABE eskatzen duten Euskal Etxeetan; izan ere, autoikaskuntza-sistema oso baliabide egokia izaten da Euskal Etxetik urrun bizi diren pertsonak euskara ikasten has daitezen.

BOGA instalatzeaz gainera, HABEko teknikariek sistemaren edukien berri ematen diete tokian tokiko irakasleei, tutore-lana nola egin irakatsiz eta ikasleen jarraipena egiteko trebatuz.