« Itzuli albistegira

Euskara alemanez ikasteko metodoa, laster kalean

2008-03-03  ¦  Ilazki

Buske argitaletxeak plazaratuko du urte amaierarako, Goethe Unibertsitatearekin elkarlanean

JUAN A. HERNÁNDEZ - Bilbo - (El País) 28/01/2008

Azken urteotan Frankfurteko Goethe Unibertsitateak euskarare alde egindako lanak beste emaitza bat ekarriko du laster. Euskara alemanez ikasteko lehen metodoa kaleratuko du aurten Alemaniako Buske argitaletxeak, bertako katedrarekin elkarlanean. Testuak Bakarka ikasleentzako gida ezaguna hartuko du oinarritzat; horren edukiak gaur egungo garaietara eta ikasle alemanen beharrizanetara egokitzen ari dira.

Bakarka gidan oinarrituta, edukiak egungo premietara egokitzen ari dira

Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakasle Mercedes Pérez eta aleman itzultzaile Christiane Bendel arduratzen ari dira proiektuaz. "Orain, testuak egokitzen ari gara, tonu orokorra eta ariketak modernizatuz", azaldu du Donostian bizi den itzultzaileak. Bere iritziz, euskara "oso zaila" da (bera euskalduna da), baina aldi berean "logika oso matematikoa" du.

Testu hauek sortzeko ideia Frankurteko Unibertsitatean euskara eta euskal kulturaren inguruan ari diren profesionalen artean sortu zen, han gero eta handiagoa baita euskara ikasi nahi dutenen eskaria. Proiektu honi heldu aurretik, haurrentzako ikasliburu-sorta bat argitaratu zuen argitaletxe berak. Aurrikusitako epeak betetzen badira, urte bukaerarako eskuragai izango da material berria.

Alemaniako unibertsitate horretan lan handia egin dute azken ikasturteotan euskara eta euskal kultura bertako ikasleen artean zabaldu eta gai horien inguruko interesa pizteko. Ikastegia 2001ean sortu zuten. Sustatu dituen egitasmoen artean Euskal Liburutegia dago, 1.200dik gora izenburuz osatua; fondoak Sarean kontsulta daitezke (www.ub.uni-frankfurt.de). Horrez gain, mintegiak eta ikasketa zikloak antolatzen dituzte. Euskara ikasteko ziklo espezifikoei dagokienez, 20 talde inguru osatu dituzte ikasturte honetan. Hain zuzen ere, talde horietako ikasleei zuzenduta daude Buske argitaletxea sortzen ari den ikasmaterial berriak.

Ikasle gehienak hizkuntzalaritza konparatuko adarrean ari dira eta beren formakuntza akademikoaren osagarritzat hartzen dituzte euskara-eskolak. "Bada halaber euskal arbasoren bat duenik ere", erantsi du Bendelek. Haren iritziz, Frankfurten abiatutako ekimenen bitartez euskal kulturarekiko interesa handitzen ari da urterik urte; hortaz "gero eta beharrezkoagoa izango da" ikasle horiei zuzendutako ikasmaterial bereziak sortzea.

Gaur egun, 12 herrialdetako 24 unibertsitatetan 700en bat ikasle ari dira euskara eta euskal kultura ematen, Kultura Sailak tokian tokiko arduradun akademikoekin izenpetutako hitzarmenen bidez. Honako hirietan sortu dituzte mota horretako ikastegiak, besteak beste: Paris, Londres, Brusela, Berlin, Helsinki, Varsovia, Poznan. Hegoamerikan, berriz, euskal etxe askotan sortu dituzte euskaltegiak; horietako batzuekin ere lankidetza-hitzarmen ugari izenpetu dituzte azken urteotan. Programa hori duela hiru urte jarri zuten abian.

Jaularitza euskara lektoradoak sortu nahian dabil Ekialde urrunean

Hain zuzen ere, aurten lanean hastekoa da Etxepare Institutua, etorkizunean euskal kultura munduan barrena sustatzeaz arduratuko den erakunde berria. Institutu horrek hartuko du bere gain nazioarteko unibertsitateekin lankidetza-programak izenpetzeko ardura ere.

Ildo horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika Japoniara eta Filipinetara bidaia egiten ari da egunotan, bi herrialde horietako zenbait unibertsitatetan euskara-lektoradoak abian jartzeko aukera aztertzeko.

Japoniako eta Filipinietako zenbait unibertsitateko ordezkariek mota horretako ekimenak bultzatzeko interesa agertu zuten iaz Euskadira egindako bisitaldi batean. Ekimena gauzatuz gero, Asian sortzen diren lehenbizikoak izango lirateke.

Japonian, besteak beste, Waseda Unibertsitateko buruekin biltzekoak dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak. Aipatzekoa da zentro horretan badirela euskara eskolak, Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarrak emanak. Yoshida euskara-japoniera hiztegiaren egilea da, eta lan handia egin du euskara herrialde horretan ezagutzera emateko.