ILAZKIKO Irakaskuntza filosofia: izena eta izana.
Ilazkiren Oinarrizko Kurrikuluaren dokumentuaren xedea gaitasun komunikatiboa lortzea da, ahoz eta idatziz komunikatzeko gaitasun osoa; hori da gure jardunaren hezurdura eta helburua hitz gutxitan esanda.
Baina, jakin badakigu, gaitasun komunikatibo kontzeptupean premia ezberdinak biltzen direla, horregatik, ikasleen behar anitzak jasotzen dituen dokumentu irekia da gurea. Hau da, Hizkuntz Eskakizunak lortu behar dituztenei, xede berezietako ikasleei, Euskal Herrira etorri berriei edota enpresa munduari erantzuteko modukoa.
Ikuspegi hau eginkizun komunikatiboetan formulatuta dagoen syllabusean gauzatzen da, esaldi paradigma gainditzeari esker emandakoa. Zer egiteko gai izan behar du ikasleak? Hau da geure buruari egiten diogun galdera. Horren ondorioz eta eginkizuna testutan gauzatzen denez, lortu beharreko testua, iturri eta hornitzaile izango da edukiak formulatzeko. Bestela esanda, halako testua egiteko gaitasuna lortu behar bada, hori izango da abiapuntu, bide eta helburu.
Ildo beretik, material prestaketari eta metodologiari dagokionez, aipatutako pentsakera honi atxikiturik dago beraien diseinua eta jarduna.
