Metodologia
Langunea eta trebagaia, ados
ULIETek langune jakin batzuk hautatzen ditu bertan trebakuntza egiteko, eta bertako lankide guztiei trebatzeko aukera eskaintzen ahalegintzen da.
Hala ere, ULIETek har dezakeen erabaki hori ez da nahikoa: lehendabizi langune horretako arduradunek, eta gero trebagai guztiek ados egon behar dute trebakuntzan sartzeko. Bi baldintza hauek aurrez bete gabe, ULIETek ezin du noski inor trebakuntzara behartu.
Helburuak finkatu
Trebakuntza programan hasi bezain laster, trebatzaile eta trebagaiaren lehenengo lana helburuak finkatzea izango da: hiru hilabeteko trebakuntzaldian trebagaiari zein helburu betetzeko eskatuko zaion zehaztea, alegia.
Garrantzi haundiko urratsa da hau. Izan ere, denbora-epe laburrean bete beharreko helmuga zehatz eta argiak jarrita ez badaude, trebakuntzak geldu egin dezake bere zentzua.
Trebagai bakoitzak berariazko helburuak izango ditu, noski, bere gaitasun eta egoeraren arabera. Hala ere, helburu espezifiko horiek formulatzerakoan oso gogoan izan behar dugu beti zer den ULIET: unibertsitatean euskararen erabilera sustatu, zabaldu eta finkatzeko programa.
Trebatze-saioak
Euskaraz lan egiteko ahalegina trebagaiak berak egin beharko du, noski, bere lanean; trebatzailearen laguntza, bereziki, trebatze-saioetan izango du.
Helburuak finkatzearekin batera, trebatzaileak eta trebagaiak elkarrekin erabakiko dituzte trebatze-saio horien egun-orduak eta edukia.
Trebagaiaren beharren arabera besterik erabaki baldin badaiteke ere, trebatze-saioetarako neurri arrunta astean bi ordutako saioa egitea da.
Ebaluaketa
Hiru hilabeteko trebakuntzaldi bakoitzaren amaieran trebagaiak izandako emaitzen ebaluaketa egingo du trebatzaileak.
Urrats honek ere aparteko garrantzia dauka: hasieran jarritako helburuak bete ote diren egiaztatzea izango du ebaluaketak bere zatirik nagusiena. Horrekin batera, trebagaiaren dedikazio eta ahalegina, lanarekiko jarrera, huts egindako saioak, eta beste zenbait puntu ere kontuan hartuko dira.
Ebaluaketaren emaitza erabakitzaile izango da trebagai bakoitzarekin hurrengo hiru hilabeteko trebakuntzaldirako konpromisoa berritu edota helburu berriak formulatzerakoan.
