Agate Deuna gogoan Euskal Herrian
Agate Deunari koplak eta bertsoak kantatzera aterako dira gaur herritarrak Euskal Herriko zenbait tokitan. Otsailaren 5ean Agate Deunaren eguna da eta bezperan santa-eskean kalean ibiltzeko ohitura dago Euskal Herrian. 251. urteko otsailaren 5ean bularrak moztu zizkioten emakume siziliarraren historia gogora ekarriko da berriro. Sizilian jaio zen Agate 230ean. Neska ederra omen zen eta Siziliako Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen. Baina Agedak kristautasunean fede itsua zuen eta ez zuen onartu gobernadorearen proposamena. Quincianori ez zitzaion gustatu haren erantzuna eta kartzelan sartu zuen, eta bertan torturatu egin zuen; bularrak moztu zizkion eta hil egin zen 21 urteko neska gaztea. Katanian gertatu zen hori guztia 251ko otsailaren 5ean. Agate Deuna mendebaldeko lehengotariko birginia-martiria da.
Euskal Herrian Santa Ageda ospatzen da. Martiri askorekin gertatu izan ohi den bezala, Agate Deuna ere Euskal Herriko zaindari egin zuten. Herritarrak eta taldeak santa-eskean kalera ateratzen dira neska gazte siziliarraren ohoretan koplak eta bertsoak kantatzera; kopla edo bertso horien bidez Agateren bizitza kontatzen da, eta kantua kantatuko den etxeko senideei zuzendutako bertsok ere kantatzen dira.
Agate Deunaren historia eta Euskal Herriko ohiturari buruzko informazio gehiago “Euskonews & Media”:http://www.euskonews.com. helbide elektronikoan.
Hona hemen Agate Deunaren bezperan kantatzen den bertsoetako bat:
Zorion etxe hontako denoi
oles egitera gatoz.
Aterik ate ohitura zaharrak
aurten berritzeko asmoz.
Ez gara oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz
baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi dugu gogoz.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.